Gatikarron gogoeta prozesua hastear da!

Hiru larunbat goizetan egingo dugu gogoeta, Gatikan euskararen erabilera indartzeko zer pauso emango ditugun erabakitzeko. 

Gaur ez ezik, etorkizunean ere euskaraz bizi nahi dugulako, Gatikarrok gure herrian euskara biziberritzeko erronkari heldu genion iazko irailean. Horretarako abiatu genuen Tipi-Taupa ekimena.

Lau ekintza nagusi burutuko ditugu 2016ko irailera bitarte. Haietako bat da Gatikarrok otsailean hasiko dugun gogoeta prozesua: oso garrantzitsua da berton ahalik eta herritar gehienek parte hartzea, bertan erabakiko baita Gatikan aurrerantzean zer pauso emango diren euskara biziberritzeko.

Gogoeta prozesua hiru saiotan burutuko da, hiru larunbat goizetan elkartuko gara Gatikako liburutegian:

  • EGUNAK: otsailak 13, otsailak 27 eta martxoak 12.
  • ORDUA: 10:30ean
  • TOKIA:  Gatikako Liburutegian

Minutu batean, Gipuzkoako Soraluze herrian prozesua zelan egin zuten ikusi nahi?

Asmoa da elkartzen garenok buruan ditugun ideiak eta galderak konpartitzea, prozesutik irtetea ekiteko gogoz eta denon artean pentsatutako irizpide batzuekin esku artean.

Gogoeta errazteko, Euskaltzaleen Topaguneko kideek lagunduko gaituzte saioak bideratzen. Garrantzitsua da jakitea zenbat elkartuko garen eta, horregatik, parte hartu nahi dugun guztiok eman behar dugu aldez aurretik izena:

Denbora antolatuta, ziur ahalegina egin dezakezula, ezta? Orain dugu aukera herrian euskara berpizteko, jarri dezagun ideien makina martxan!

Gatikarrok, tipi-taupa, etorkizuna ereiten!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude