Martxoaren 12an gogoeta prozesuko azken saioa eginik, hemendik aurrera Gatikarrak izango gara, geuk markatu ditugun helburu eta moduekin, herrian euskara biziberritzeko pausoak emango ditugunak.
Gatikan euskarak dituen hutsuneak eta indarguneak aztertuta, diagnostiko bat egin zuten lehen saioan. Bigarrenean, berriz, diagnosian irtendako hutsuneak sailkatu eta erronkak markatu. Hirugarrenean zehaztu zituzten aurrera begira landu beharreko estrategiak. Gatikan zelan biziberritu euskara?
Azken saioan hamahiru pertsona elkartu ziren, betiko lekuan, betiko orduan, betiko energiaz. Bete-betean heldu zitzaion gaiari, berehala hasi ziren sakontzen ideietan eta bozketa bidez erabaki zen herriko indarrak bi taldetan banatzea:
- Gurasolagun programa jarriko du martxan talde batek.
- Herriko komertzioetan erangingo du beste taldeak.
Giro atseginean beti ekiten zaionez gustura, hirugarren saioan ere mokadutxoa izan zen gogoetan utzitako indarrak berreskuratzeko. Talde bikaina aritu da, gogotsu, herrian euskara zelan biziberritu elkarrekin pentsatzen.
Momentu aberasgarriak izan dira eta hemendik aurrerako bidea marraztuta geratu da.
Orain Gatikarron esku dago, tipi-taupa, pausoak sendo ematen jarraitzea, gure herrian euskararen zuhaitza indartsu hazi dadin!